Berri guztiak

maiatzak 25, 2019

Erakunde batek parte-hartzea eskaintzen, indartzen eta sustatzen duenean, erakunde hori ere elikatu egiten da, etengabe ari delako ikasten. Ardura kontzeptua oso garrantzitsua da, irakaspen berriak dakartzalako, zeinak biderkatu egiten baitituzte aukeren eta arazoen aurrean erantzuteko gaitasunak. Era berean, erantzuteko gaitasun horiek autolidergotza eta talde-lana elikatzen dituzte, eta pertsonen zein erakundearen gaitasunak biderkatzen.

 

PPT automozioko enpresa-laguntzaile kataluniarrak printzipio horietan sakondu nahi zuen, eta, horregatik, Walter Pack Group-en sartu denetik, bere antolakuntza NER (Nuevo Estilo de Relaciones) ereduaren arabera egituratzea erabaki du, zeinak pertsonak sendotzen baititu eta erakunde jasangarriago bat eraikitzen baitu. Erakunde berrirako aldaketa kulturala Etengabeko Hobekuntza prozesu bat da; bertan, pertsona guztiek beren helburuak bilatu behar dituzte, aske sentitu behar dute proiektuan parte hartzeko, konfiantza izan behar dute bere gaitasunak dinamizatzeko, eta, hala, beren lana eta lankideena hobetzeko. Aldaketa kulturala eta antolakuntzakoa da, baina baita fisikoa ere: alferrik izango da konfiantza eta ardura-sena handiagotzea, ingurune fisikoa kaotikoa baldin bada eta ez badu motibaziorako balio. Espazio fisikoaren ordena aldartearen, bizitasunaren eta antolakuntza-gaitasunen isla da. Lan-ingurune desordenatu batek arreta eta denbora galarazten dizkigu eta ekintzak zailtzen.

 

NER estiloko dinamismoa ingurune fisikoen ordenarekin parekatzeko, Walter Pack PPT enpresako lantaldeak 5Sren aldeko apustua egin zuen, ServiConsultingen eskutik. ServiConsulting aholkularitzan eta Etengabeko Hobekuntzako prestakuntzan aritzen den enpresa bat da, eta euren Lean Coaching sistema darabilte; sistema hori metologia-sorta bat da, eta helburu du pertsonak gaitzea, haiek Etengabeko Hobekuntza gida dezaten eta antolakuntza-balioa handiagotu dezaten. 5S ingurune ordenatuago eta efizienteagoak sortzeko ezarri beharreko lehen metodologietako bat da. Ezer baino lehen, ikusi zen NER eta Lean Coaching pareko sistemak direla, bateragarriak direla eta elkar elikatzen dutela.

 

5S bost fasetako metodologia azkar bat da, eta arrakasta izan dezan, gakoa aldaketa-prozesua kudeatzeko moduan datza. Lehengo S-an, lantaldeak lan-esparruari ekarpenik egiten ez dioten elementuak identifikatzen ditu. Bigarren S-an, lantaldeak baliogarriak diren elementuak ordenatzen ditu, espazio bakoitzak darabiltzan prozesuetan, jardueretan eta pertsonetan pentsatuta. Hirugarren fasean, garbiketa-planak eratzen dira ingurunea garbi edukitzeko; hala, espazio eraginkorragoak eta efizienteagoak sortzen dira, kalitate eta segurtasun handiagoz lan egitea ahalbidetzen dutenak, eta pertsonen sormena eta ardura indartzen dituenak. Behin hori eginda, horiei eusteko eta horiek etengabe hobetzeko mekanismoak sortu behar dira.

 

Laugarren S-arekin, ordenaren eta garbitasunaren mailak estandarizatzen dira espazio bakoitzean, eta arau orokorrak zehazten dira ordena hori, norbera eta lankideak errespetatzeko. Azkenik, 5. S-ak espazioak estandarretan ondo definituta ote dauden ikuskatzen du eta arazoak zuzentzen ditu.

 

Walter Pack PPT prozesua ekainean hasi zen, helburu zuelarik 5S urtebeteko epean erakunde osoan ezartzea. «Muntaia» sailean dagoeneko ezarri da, eta hobekuntzek eman dituzte beren fruituak: kalitatea eta produktibitatea hobetzen ari dira. Espazioen ordenari dagokionez egindako hobekuntzei esker, Etengabeko Hobekuntzaren kultura bat sortu da eta lantaldea asko indartu da; sortzen zaizkien edozein erronkari aurre egiteko gaitasuna lortu dute. Orain «Pintura» saileko lantaldearen txanda da, eta gero, «Laser», «Injekzio», «Biltegi», «Kalitate» eta «Bulego» sailekin jarraituko dugu, 5S erakunde guztira zabaldu arte.