Berri guztiak

martxoak 16, 2017

22/2016 IDEIA, joan den azaroan burutu zen: CAN BRIANS ESPETXEKO PRESOEI ZUZENDUTAKO EMANALDIAK MERCE-ren ASTE KULTURALEAN.

ner group-eko Boluntarioek, PPT-WALTERPACK dagoen herrian, kontzertu bat antolatu zieten Bartzelonako herri berean dagoen Can Brians espetxeko presoei, espetxeko giro eta egunerokotasun iluna ahaztu eta poz eta aire fresko piska bat eskaintzearren.

Datozen lerrootan, PPT-WALTER PACK-eko boluntaria den Virginia L.R.k bizitako esperientziaren kontaketa duzue.

PPT-WALTERPACK ner group-eko langile eta boluntaria naizen aldetik, bertan bizitako esperientzia kontatzeko eskatu didate. Tamainako esperientzia kontatzea  batere erraza egiten ez zaidan arren, saiatuko naiz bizi izandakoa ondoen zehazten.

Lehenik eta behin, argi utzi nahi nuke, PPT-ren egoitza berrira pasatu ginenean, Can Brians-eko presondegiaren gertutasunak, barruko harra piztu zidala, beti uste izan baitut, bizitzan batera edo bestera jotzea, norberaren izaerari baino, egoera pertsonalei hala bultzatuta lotuago dagoela. Denok merezi dugula aukera bat uste dut, eta orain arteko Estatuko sistemak jarraitzen duen bitartean, gartzelak, berrezteko eta birgizarterako helburua bete behar du. Hori da nik uste dudana.

Hezteko eta birgizarteratzeko prozesu honetan, kulturak eta honen adierazpide gorenetakoa den musikak lagun dezakeela jakinda, Can Brians-eko preso batzuei kontzertu pribatu bat eskaintzeko gonbita egin zidatenean, ezin izan nion uko egin eta zalantza izpirik gabe, baiezkoa eman nuen.

Egun hartan presondegian sartu ahal izateko segurtasun neurri eta bisitariok errespetatu beharreko kontrolen berri izan genuen: ezin zen mugikorrik erabili; ezin ,beraz, argazkirik egin bertan bizitakoaz. Horrek, ordea, egun horretakoa arreta handiagoz eta xehetasun guztiei erreparatzera behartu gintuen.

Gogoan dut gartzelan egonagatik, ez zuela ematen han geundenik eta horrek sortzen zidan zirrara. Lehenengo harremana, portaera ona izanda barruan nolabaiteko askatasuna zuten presoekin egin nuen, eta buruan nerabilena zen, ni bezalako pertsonak zirela han zeudenak. Une gogoangarriak bizitu genituen elkarrekin solasean; beraien bizitza kontatzeko beharra sentitzen zuten eta guk, beraiek esan behar zutena entzuteko interesa erantsi genion. Ez naiz bizipen pertsonal konkretuak aipatzen hasiko, batez ere, beraien intimitatea babestearren, baina oso gogoan dut une haietan sentitzen nuena nik, alegia, kontatzen ari ziren bizitza hura beraiena zela, baina gutako edonorena ere izan zitekeela.

Gertutasun sentimenduekin, ordea, beldur edo tentsio sentimenduak ere nahastu zitzaizkigun, batez ere, kontzerturantz abiatzeko, presoak beraien moduloetatik irteten hasi zirenean. Ezin ukatu, aurreiritziak direla eta, beldur puntua sentitu genuenik, zenbait ideia buruan generabiltzala: presoak ziren, delituren bat edo beste egin zutelako zeuden espetxeratuta, bakarren batek edo batzuek gainera, odol delituak izan zitzakeen…

Behin barrura sartuta, boluntarioak aurreko aldean jarri ginen, agindutako lekuan. Egia esatera, albo batean edo zutik egotea nahi izango nuen dena hobeto barneratzeko; baina arauak arau dira eta ez zen posible izan.

Sartu bezain pronto, “bazen garaia behar den bezalako musika talde bat ekartzeko” entzun genuen poz eta satisfazio aurpegietan. Behin denak eserita geundela Mucca Failate-ren kontzertua hasi aurretik ere izan genuen tartea beste zenbait presorekin , espetxeen arteko aldeez eta gizarteko maila sozial ezberdinei buruz hitzaspertua egiteko. Une hau ere ez dugu inoiz ahaztuko.

Kontzertua hasi zenean, denok disfrutatu genuen musikaz; musika ona eta momentu ona elkartu ziren. Boluntario nahiz preso, pozez zoratzen egon ginen.

Bukatutakoan, konfidantzazko preso deitutakoekin eta bertako langileekin, batez ere, Can Brians-eko presoen berreziketaz eta gizarteratzeaz arduratzen diren lagunekin batera, ekintzaren balorazioa egin genuen, oso positiboa berau; izan ere, preso guztiak, isilik egon izanak erakusten omen du pozik eta gustora egon zirenekoa; osterantzean, hizketan eta ozen arituko omen ziren musika ezin entzuteraino.

Zer ikasi dut? Guztiok merezi dugula beste aukera bat bizitzan, izan ere, bide guztiak ez baitira berak eta berdinak guztiontzat, eta musika, kultura gisa, berrezitzeko tresna  bikaina dela. Presoek irten egin nahi zuten…..irten, eta, beraien musika entzun espetxetik kanpo.

Hurrengorik bada, han izango naiz, zalantzarik gabe”.